Paper-zorroa


Aurten hasitako ikasturte honekin nire etorkizunerako ibilbidea eraikitzen jarraituko dut. Horretarako, hausnarketak oso baliagarriak egingo zaizkidala iruditzen zait, beraz, ahalik eta azkarren ekingo diot hausnartzeari.


Kurtsoa hasi genuenetik hezkuntza hitza izan da gehien entzun dudan hitzetako bat eta gure etorkizunerako hitz honen esanahia zer den ondo jakitea oso garrantzitsua izango dela iruditzen zait. Izan ere, gure etorkizunerako nahi dugun lanaren oinarria da. Nire helburua, etorkizunean haurrei gauza desberdinak irakastea da, hau da, haur horiek heztea, beraiek beren bizitzan zehar aurrera egin ahal izateko.

Hezkuntza motak bereiztea ere garrantzitsua dela uste dut. Hau da, gure etorkizunerako argi eduki behar dugu zein eremutan aritu nahi dugun, hezkuntza formalean, ez-formalean edo informalean. Nire helburua, blogeko sarrera batean aipatu bezala,  ikastetxe batean aritzea denez hezkuntza formalean arituko naiz, baina hezkuntza ez formala eta informala ez ditut nahi alde batera utzi. Nire ustez, agiri batek ez du guztia esaten, haurrak ondo prestatu behar dira, baina ez bakarrik edukien aldetik, izan ere, esperientziek hezkuntzan garrantzi handia dute. Ez du ezertarako balio ziurtagiri batek, gizartean ingurukoekin konpontzen ez baldin badakizu. Argi dago ezagutza batzuk beharrezkoak direla aurrera egin ahal izateko, baina hezkuntza, nire ustez, eskolan helarazten dena baino askoz gehiago da. Horregatik, hezkuntzak berebiziko garrantzia du haurrak kultura egoki bat jaso eta gizarteratu ahal izateko. Edukiez gain haurrak pertsonalki ondo prestatu beharra daudela uste dut. Gai honen inguruan jarraituz, kultura, hezkuntza eta gizarteratzea hitzak nola ordenatu beharko lirateke??

Haurrak ondo prestatu ahal izateko, lehendabizi nik irakasle bezala ondo prestatu beharko dut. Nire ustez, irakasle baten lana oso garrantzitsua da. Kontuan hartu behar dugu, etorkizunerako ikasleak prestatu behar ditugula eta ez dela ezer simplea. Beraz, ahalik eta ondoen prestatu ahal izateko lana egin beharra dago eta ikasleekin harreman egoki bat izaten ikasi beharra dago. Haurrak, zenbat eta txikiago izan beraiengan irakasleak orduan eta eragin handiagoa izango du. Beraz, kontu handiz ibili beharra dagoela iruditzen zait beraiengana zuzentzean. Momentu oro haurrekin gaudela jakin behar dugu eta horren arabera hartu erabakiak zer esan behar dugun eta zer ez beraiei ibilbide egokia egin ahal izateko. Hau guztia neultralitatearekin loturik dago.

Gaur egungo hezkuntza sistemari begira jarriz, esan beharra dago ez nagoela batere gustura. Ni ikasle bezala, ez nahiz oso eroso sentitzen eta etorkizunean irakasle izatea nahi dudanez, nire ikasleak ni bezala ez sentitzea gustatuko litzaidake. Hori lortu ahal izateko, ikasleak motibatu beharko ditudala iruditzen zait eta horretarako teknika desberdinak pentsatu beharko ditudala.

Motibazioaren falta ikusi ahal izateko, gure klaseari begiratzea besterik ez dago, izan ere, motibazio puntua falta dela uste dut. Niri askotan parte hartzeak lotsa ematen dit, akats egiteak keskatzen baitnau, hala ere, denbora aurrera doan einean klasean erosoago sentitzen naiz eta hitz egiterako orduan ere, lotsa pixkanaka desagertzen doala nabaritzen dut. Nire ustez, kontuan hartu behar da lehenengo urtea dela eta batzuk beste batzuk baino erraztasun handiagoa dutela hitz egiteko. Baina, egia da denon artean lan gehiago egiten hasi beharra daukagula, parte hartzea gehiago bultzatuz. Esan beharra daukat ordea, ez naizela aproposena hori esateko, esan bezala, klasean ez baitut asko parte hartzen. Hori horrela izanik, denborarekin horri aurre egin ahal izatea eta nire parte hartzea handiagotzea gustatuko litzaidake. Izan ere, uste dut, denon parte hartzearekin eta elkarlanarekin gauza gehiago ikasten direla.


Hala ere, beti hitz egiten dugu gure parte hartzeaz klasean. Baina, gu motibatu ahal izateko eta klaseak entretenigarriagoak izateko parte hartzea al da puntu garrantzitsu bakarra?? Irakasleen metodologiak ez al du eraginik?? Nire ustez alde handia dago ikasgai baten eta bestearen artean. Ikasgaiaren arabera jendeak gehiago hala gutxiago hartzen du parte. Niretzat irakaslearen metodologia da punturik garrantzitsuena ikasleak motibatuta egoteko eta horretarako ez dago urrutira joan beharrik. Ikustekoa da gure kasuan, natur zientzietara zenbat pertsona joaten diren. Eta horrekin ez dut nahi esan erru guztia irakasleak duenik, baina kasu horretan ikasleak, gu, ez gaudela motibatuta ikus daiteke. Ni behintzat klasean ez naiz oso gustura sentitzen, izan ere, oso klase astunak egiten zaizkit. Horregatik, lehen esan bezala, etorkizunerako ondo prestatzea gustatuko litzaidake nire ikasleei nirekin berdina ez gertatzeko eta klaseetara gustura joan ahal izateko. Niri garrantzitsuagoa iruditzen zait haurrek edo ikasleek gauza gutxiago ikastea, baina, ikasi dutena ondo eta gustura ikastea, teoria asko buruz ikasi eta astebete barru guztia ahaztea baino. Azken finean, azken horrek ez baitu ezertarako balio. 

Gaur egungo hezkuntza sistema, lehenaldikoarekin alderatzen badugu, klaseko posterretan aztertu bezala desberdintasun ugari daudela ikus daiteke. Niri, nahiz eta gaur egungo hezkuntza sistema ez asko gustatu lehenaldikoa oraindik eta okerragoa zela iruditzen zait. Egia esan, metodologia ez da askorik aldatu, baina, gaur egun talde lanak bultzatzen dira eta hori oso ideia ona dela iruditzen zait. Denok dakigun bezala, arauak, teknologia, irakasleak,... aldatu egin dira eta gauzek hobera egin dute. Gaur egun, ikastetxe askotan proiektu berriak jarri dira martxan hezkuntza sistema hobetu nahian.  Izan ere, proiektu hauen bidez ikasleak motibatu daitezke hezkuntza dinamikoagoa bultzatuz. Hala ere, aipatu bezala, oraindik hezkuntza sistema egoki batetik oso urrutik gaudela iruditzen zait. Baina, zein izango zen hezkuntza on bat?? Iritxiko al gara egunen batean hezkuntza on bat izatera?? Bi galdera hauei erantzuna ematea oso zaila dela iruditzen zait, baina norberak galdera hauen inguruan gogoeta egin eta taldean eztabaidatzea interesgarria izan daitekeela uste dut.


Orain, beste gai bati heldu nahi diot, azken egunetan gure inguruan askorako ematen ari den gaiari hain zuzen ere. Hau da, espezializazioei buruzkoa. Zer gertatuko zaigu gure karrerako 4.mailan?? Guk nahi dugunean espezializatu ahal izango dugu?? Ematen duenez, gauzak asko aldatu dira kurtsoa hasi genuenetik. Nik laugarren mailara iristean zerbaitetan espezializatzea pentsatzen nuen, oraindik zertan seguru ez egon arren. Azken egunetan ordea, gure nahiak bertan bera gelditzea ekarri du azkenean egia bihurtu den zurrumurru batek. Izan ere, gaur egungo egoera dela eta laugarren mailako espezializazioak egiteko plazak murriztu egingo dira eta horren arabera denok ezin izango dugu nahi genuena egin. Lehen aldiz zurrumurru hori entzun nuenean ez nion garrantzia handirik eman, izan ere, zurrumurru bat besterik ez zela pentsatu baitnuen, baina orain egia dela ikusirik ez dit batere graziarik egiten. 



Murrizketak leku guztietan eragiten ari dira. Dagoeneko gobernuak murrizketak onartu ditu bai osasunean eta baita hezkuntzan ere. Hau lotsagarria iruditzen zaidala esan behar dut. Ni batez ere, hezkuntza alorreko murrizketetan oinarrituko naiz, izan ere, gure oraina den bezala gure etorkizuna ere bertan aurkitzen da. Hau da, horrek guregan eragin zuzenak ditu.

Aurrekoan honako bideo hau ikusi nuen eta nahiko interesgarria iruditu zitzaidan. Horregatik, hemen usten dizuet zuek ere nahi baduezue begirada bat bota dezazuen. 




Bertan ikus daiteke hezkuntza alorreko murrizketak zer ekarriko duen, HEZKUNTZA TXARRA. Bideo honekin ados nago. Gaur egun klasean dauden ikasle kopuruarekin askotan kosta egiten da guztiei nahi edo behar duten laguntza ematea. Hori horrela izanda, murrizketen ondorioz geletako ikasle kopurua haunditzen bada, nola heziko ditugu haur horiek? Zer egin beharko dugu bakoitzak behar duen laguntza eman ahal izateko?

Argi dago irakasleek lan gehiago egin beharko dutela, baina horrekin batera bideoan adierazten duen bezala, horrek kalitatearen beherakada ekarriko duela uste dut.

Gai honek beldurra handia ematen dit, jendeak ez dio eman beharko litzaiokeen garrantzia ematen. Kontuan hartu behar dugu etorkizunean langileak eta pertsonak izango diren haurrak eta ikasleak prestatu behar ditugula eta ez dela txorakeria bat. Izan ere, haur hauek txikitatik hezkuntza egoki bat jasotzen ez badute eta beren zalantzak argitzen ez badituzte zer gertatuko da hauekin? Nola egingo dute aurrera gizartean?



Azken gai hau alde batera utziz, aipatu beharra dago, hasiak garela bigarren lauhilabeteko lan modularrarekin. Dagoeneko lanaren zati haundi bat egina daukagu, baina esan behar dut, "lan modularra" hitza bigarren lauhilabetekoan berriro entzun nuenean bastanteko pereza sortu zitzaidala. Izan ere, aurreko lana burutu ahal izateko nahiko buruhauste ibili genituen eta ez nuen nahi berriro berdina gertatzea. Hala ere, pixkanaka pixkanaka lana egiten joan garen einean ohartu naiz lan modular hau aurreko lana baino interesgarriagoa dela. Gure etorkizunerako baliagarriagoa dela uste dut.

Lan hau gauzatu ahal izateko, eskola batetako gela batera joan behar izan genuen klase bat behatzera. Guk 6.mailako ikasleetan oinarritzea erabaki genuen eta horregatik Azpeitiako ikastetxe batera jo genuen, adin honetako ikasleen gela batera.

Oso jarduera interesgarria iruditu zitzaidan. Nire helburua emendik urte batzuetara irakasle izatea denez, asko gustatu zitzaidan kanpotik irakasle eta ikasleen harremana, ikasleen portaera, klaseak emateko funtzionamendua... behatzea. 


Klasearen ondoren, irakaslearekin hizketan gelditu ginen, eta berak esandako zenbait gauza oso baliagarriak izan ziren guretzako. Bai gure lana aurrera eraman ahal izateko eta baita gu ikasgelako gauza desberdinetaz jabetzeko ere.

Niru ustez, klase desberdinak behatuz gauza asko ikasten dira. Ni praktiken aldekoa naiz, hau da, teoriako klaseak baino praktikak gehiago balio dutela uste dut. Azken finean, teoria garrantzitsua den arren, praktikan ikasten dira gauza garrantzitsuenak eta gehien balio dutenak. Horregatik, hurrengo urtea iristeko irrikitan nago, haurrekiko kontaktua nolakoa izango den jakin ahal izateko eta metodologia desberdinak behatu ahal izateko. Zuen ustez teoriarik gabe, bakarrik praktikak eginez nahikoa izango al litzateke?


Apurka apurka blogari amaiera emateko ordua iristen ari da. Konturatzerako kurtsoaren amaierara iritxi gara eta azken ahalegina egitea bakarrik gelditzen zaigu. Atzera begira jarriz, konturatzen naiz kurtso honetan gauza asko ikasi ditudala eta hezkuntzari buruz nuen ikuspuntua ere asko aldatu dela.


Alde batetik, bigarren lauhilekoan lehenengoan baino gauza interesgarri gehiago ikasi ditula iruditzen zait, hezkuntzaren munduan gehiago murgildu naizen sentsazioa baitut, eta horrek nigan interes handiagoa pizten du. Bigarren lan modular honek lehenengoak baino gehiago aportatu didala uste dut baita ere. Lehen modularrean informazioa aurkitzea zen, hau da, gai baten inguruan aritzea. Baina, bigarren lan honek, hau da, unitate didaktikoak, hezkuntza sistemari buruz gehiago jabetzera bideratu gaitu eta lanean ere gusturago aritu gara. Honako hau da gure lanaren azala: 


Gaien aldetik ere, interesgarriagoak egin zaizkit bigarren lauhilekokoak. Hezkuntzaren psikologian eta didaktika orokorrean aritu naiz gustoen. Psikologian bullyingaren gaia besteekin batera asko gustatu zait eta baita horrekin lotuta ikusi genuen pelikula ere. Hemen usten dizuet pelikularen trailerra:




Oso pelikula ona dela uste dut. Hori bai ona izateaz gain, oso gogorra dela iruditu zitzaidan, baina bizitza errealean ematen den gauza bat da eta honen aurrean begiak isteak ez du ezertarako balio. Horregatik, eskolako arazoen aurrean begiak ahalik eta irekien eduki behar ditugula uste dut, arazo hauek ahalik eta azkarren eteteko.
Horretaz gain, didaktika orokorra gaiak asko lagundu digu lan modularra burutu ahal izateko eta hezkuntza sistemas gehiago jakin ahal izateko. Oso interesgariak izan dira klase honetan egindako ariketak, izan ere, hezkuntzaren inguruan gauza desberdinak ikasteaz  gain, besteen iritziak partekatuz gauza asko ikasi ditugula uste dut. Horretarako, bakoitzaren blogak oso baliagarriak izan dira.


Beste aldetik, aipatu behar dut, hasieran irakasle lana ez nuela orain ikusten dudan bezala ikusten. Hau da, irakasle lana errezagoa zela uste nuen, baina konturatu naiz irakasle izatea ez dela batere lan erraza. Hala ere, honek ez dizkit irakasle izateko gogoak kentzen. Nire nahia aipatu bezala irakasle izatea da, bai lan erraza bada eta baita lan zaila bada ere. Horregatik, ahal dudana egingo dut nire helburu hori lortu ahal izateko eta irakasle on bat izatera iritxi ahal izateko.

Amaitzeko esan, gustura hasi ditudala magisteritzako ikasketak, nahiz eta hasieran pixkat arraroa egin zitzaidan. Blogean idaztea ere esperientzia polita izan da eta gauza desberdinak pasatu ahala gauza desberdinen inguruan hausnartzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Esan beharra daukat ordea, asko kostatzen zaidala nire hausnarketak idaztea. Hau da, nahiz eta nik nire barruan gai eta gauza desberdinei buruz hausnarketa ugari egin, ondoren hori emen isladatzeko zailtasunak izaten ditut. Hala ere, ahal nuena egiten zaiatu naiz. Espero dut nire blog hau gustatu izana!! Animo ikasketekin eta zorte on azterketekin!! Hurrengorarte!! :)











1 comentario:

  1. Kaixo Olatz, atal honetan idazten hastea komeni zaizu. Nik jarraipena egin ahal izateko beharrezkoa delako. Animatu eta idatzi zeozer, ziur gauza asko aldatu direla zure hezkuntzaren ikuspegiari buruz! Kontatu zeintzuk izan diren!

    ResponderEliminar